2009-07-26

Eneko Wroclaw-en!!!

Asteburu honetan Hopkins jauna izan dugu Wroclaw-en. Batzuek jakingo duzutenez bera IAESTE deituriko elkarte bati esker dabil praktiketan Lodz-en eta hauek astebururo Poloniako beste hiriren batera bidaia prestatzen diete. Honetan Wroclaw-en txanda zen eta honenbestez berekin egoteko aukera izan dugu. Lehenik ostiral gauean elkartu ginen gure erresidentzia inguruko lokal batean, hain juxtu guretik 5 minutura dagoen hostal batean egon baitira lotan. Atzo egunean zehar bere taldekoekin hiria bisitatzen egon ziren eta gauean festa izan zuten errekan zehar dabilen ontzi batean, barbakoa eta zerbezekin gainera! Ostera gauean berriz elkartu ginen, nahiz eta Neka eta ni segituan bueltatu ginen etxera (urdai arazoak medio). Hala ere uste dut Uñai eta konpainiak nahikoa ongi pasatu zutela.

Nik jarraian argazki batzuk uzten dizkizuet, nahiz eta asko ez izan. Eta betikoa, aprobetxatu ongi uda eta zintzo ibili!





2009-07-20

Alemanian berriro ere, Dresden

Azken asteburu hau Poloniako mugatik hurbil geratzen den Dresden hirian igaro dugu. Hiriaren erdialdea benetan ederra da argazkietan ikus dezakezuen moduan, baina hortaz aparte zonalde berrian ere xarma handiko kale bazterrak ikus daitezke, pub eta biergaten ugarirekin. Nola ez hiri hau Bigarren Mundu Gerran guztiz deuseztua izan zen, kasu honetan aliatuengatik. Bonbardaketa honek polemika handia sortu zuen bere garaian, erasoa gehiegizkoa izan zela ziotelarik. Informazio gehiagorako wikipedia-ko linka luzatzen dizuet.

Zorionez guda amaitu bezain laster Sobietar Batasunak hiriko eraikin historikoak berreraikitzeari ekin zion eta gaur egun erdigune ikusgarri bat aurki dezakegu. Hartu genuen albergea ere oso ona iruditu zitzaigun, 12 euroan gaua (hori bai, gosaririk gabe) eta barrutikan dena garbi eta sukalde benetan hornitu batekin. Eta guri euria egin zigulako baina eguraldi ona egin ezkero jardinean barbakoak egin zitezkeen!!! Egia esan beste askorik ez dut kontatzeko, hortaz argazkiekin utziko zaituztet. Espero dut zeuen festa agenda oso osorik betetzen arituko zaretela.

Zintzo ibili!














2009-07-12

Bigarren asteburua Wroclaw-en

Aupa mutilak! Zuek Lesakako San Ferminetan mozkortzen zareten bitartean gu hementxen gabiltza, gure hiri hau zertxobait gehiago ezagutzen. Atzokoan elizak aurkitzen diren irlak bisitatu genituen. Leku hau oso gustoko dut, polita izateaz gain oso lasaia baita. Argazkietan ikusi dezakezuten moduan ibaiaren erdian aurkitzen da eta zubi ugari aurki daitezke leku batetik bestera pasatzeko. Hiriko plaza nagusiarekin batera hau da zonalderik bisitatuena. Atzo ikusi genuenaren arabera larunbat gauetan ibai inguruan biltzen da gazte jendea garagardoak edateko.

Atzo bestalde italiar jatetxe batean jan genuen, eta hori bai hori afaria!!! Argazkian ikusi dezakezuten moduan pizza handi bat eta litro erdiko garagardoa hartu nituen. Eta zenbat ordaindu nuen??? 25 PLN (6 euro baina gutxiago). Kontuz ibili beharko naiz zeren nire pizza zaletasunak bide txarretik eraman nazake.

Lanari dagokionez aste honetan iada lauok lanean fundamentuz hasiak gara, batzuk gustorago besteak baino baina beno, gutxienez lanean denok. Ni egia esan oso gustora nabil egunero inglesa hitzegin eta hitzegin bainabil eta nire lankide poloniarrak benetan jatorrak baitira. Lana gainera nahikoa interesgarria da.

Ba hori da dena momentuz, gaur arratsean hemengo tourra ikusiko degu (aupa Astar!!!) eta ostean ziurrenik hemengo merkatal zentru erraldoi batera joango gara, diotenez ikusgarria omen da. Hortaz agur bero bat hemendik eta zaindu zaitezte!!!







2009-07-06

Aupa denoi Wroclaw-etik

Aste bete internet barik egon ostean azkenik blogean idazteko aukera dugu. Gauza da aste bat baina gehiago itxaron behar izan dugula geure erresidentzian sarera konektatzeko. Lehen aste hau azkar pasatu zait, batetik bestera denbora guztian, erosketak direla, tranbiako txartela atera behar dela...

Hiria egia esan ederra dela esan liteke, irla eta zubi ugariz osatua (Poloniako Venezia dela diote batzuk, nere ustez konparaziorik ere ez dagoen arren). Alde zaharra, argazkietan ikus dezakezuen moduan ikusgarria da, Poloniako bigarren plazarik handiena tartean duelarik. Orain udako giro atseginarekin (hemen 30 ºC inguruan gabiltza aste osoan) jendez eta musikariz beteta dago, terrazetan garagardoak zerbitzatzen dituzten bitartean. Hiriko garraiobide nagusia tranbia dugu eta txirrindulariak ere ugari ikusten dira kaleetan barrena. Alde horretatik nahikoa hiri modernoa iruditu zait Poloniako maila ikusita. Hala ere gabeziak nabariak dira zenbait puntutan: etxe zaharkitu ugari, alkoholez josirik dauden gizon asko... Nire ustetan, bisitatu beharreko hiri bat da. Espero dut argazkiak ikusten dituzuen heinean hona etortzera animatzea.

Lanari dagokionean gauzak asko aldatzen dira pertsonaren arabera. Jakingo duzuen moduan Fagor Mastercook-en fabrikan ari gara lanean. Nere aldetik gustora nabil, behintzat nere tutorea ondo saltzen ari zait asuntoa, gero ikusiko degu nola amaitzen degun. Unai berriz zoratu beharrean dabil, honezkero hiru tutore ezberdin jarriak dizkiote, nor baino nor pertsonaiago (lehena alias "el txapas", bigarrena Gilbert eta hirugarrena misterio hutsa, ez baitu oraindik ikusi ere egin, jeje). Nekane berriz aste bete tutore gabe egon da ingelesez apenas dakiten polakoz inguraturik. Laugarrena Aritza dugu, hau da guztiotan erregea, ez baitu ezertxo ere egin aste osoan. Portugaleteko gizaseme honen langabezia luzerako doala dirudi.

Bitxikeria ugari ditugun arren momentuz amaitutzat emango dut artikulua. Hori bai, adi jarraian datorren lehen argazkira. Argazkiko gnomo "maitagarri" honek jornala hiriko plaza nagusian irabazten du, umeei eskua ematen dien bitartean pitiak errez eta Discman-a itzali barik duelarik. Ezagutu beharreko pertsonaia!!!

Do Widzenia!!!