Berriro ere bueltan gara Txekiar Errepublikan hiru egun pasa ostean. Gure asmoa nola ez Praga ezagutzea zen, Nekane eta niretzat lehen aldia baitzen. Unai haseran ez zen etortzekoa baina azkenean animatu genuen, Pragaz gain beste leku ugari baitago inguru haietan bisitatzeko. Hala bada, ostegun eguerdian trena hartu eta haruntz abiatu ginen. Trenen maitale sutsua naizenez esan beharra dut benetan bidaian ederra iruditu zitzaidala nahiz eta 6 ordu baina gehiago iraun. Polonia eta Txekiaren arteko mugaldea benetan ederra da, baso eta herri xarmangarriz betea.
Gauean Pragara iritsi eta gure hotelera joan ginen, lau izarrekoa berau Iñigitok harrapaturiko azken minutuko oferta bati esker (45 euro hiru pertsonendako gela!!!). Hortaz señoritoak bezala egon gara, Nekane eta ni gela batean eta Unai umearen logelan. Ostiral goizean fuerte gosaldu eta taldea bitan banatu genuen: Nekane eta ni Praga bisitatzen geratu ginen Unai inguruan zegoen gaztelu bat ikustera joaten zen bitartean. Egia esan eguna sekulako paliza izan zen, alde batetik bestera turista pilaren artean pasa ezinik. Nire iritzia? Hiria ikaragarria iruditzen zait, ez naiz leku askotan egon baina nik uste det Veneziarekin batera hiririk ederrenetakoa dela. Harrigarria da zeinen ongi zaindua eta kontserbatuak dauden eraikinak. Arazoa ordea dagoen jende piloa da, non kale nagusietan ozta ozta eman daitezkeen hiru pauso norbaitekin estropozu egin gabe. Hala eta guztiz ere esan bezala hiriak pena merezi du. Arratsean Unai batu zitzaigun eta garagardotegi batetara joan ginen. Pragara joan aurretik webgune benetan interesgarri bat kontsultatua genuen non garagardozale friki batek bertako leku onenak deskribatzen dituen. Egia esan pena merezi izan zuen frikeatu izana zeren sekulako garagardoa edan dugu egunotan zehar Pilsner Urquell eta Budweiserrak alde batera utzita.









Larunbatean Pragatik 2 ordutara kokaturiko bainutegi herri bat bisitatu genuen, Karlovy Vary. Herri hau Europa erdialdeko bainutegi puntu garrantzitsuena izan da urteetan zehar eta guk ikusitakoaren arabera hala jarraitzen du. Herriko eraikin guztiak benetan dotoreak ziren, eta 5 izarreko hotelak ere ugari. Hala ere gehien harritu ziguna bertan ikusi genuen bisitarien batazbesteko edadea izan zen, 70 urte esatean motz geratzen naizelakoan bainago. Herrian zehar iturriak topatu daitezke, non ura bero-bero ateratzen den. Ur honen zaporea ez zen batere atsegina (burdin piloa zuen) baina osasun ikuspuntutik gomendagarria omen da. Hortaz atton-amonak besaulkian eserita uzten genituen bitartean herritikan bueltaxka bat eman eta mendi ibilaldi txiki bat egin genuen bista on bat topatzeko asmoz. Igoera laburra baina gogorra izan zen, batez ere Nekanerentzat erromatar sandaliekin igo baitzen gora. Bertan argazki pare bat atera ostean herrira jeitsi eta Becherovka txupito bat hartu genuen Unai eta nik bueltako autobusa hartu aurretik. Edari hau belar medizinal batzuekin egiten da, hala ere nik neure zalantzak ditut ea gorputzari on handiegirik egiten dion. Pragara bueltatu eta Nekane hotelera bidean utzi eta Unai eta ni autobus estazio ondoko garagardotegi batetara joan ginen gure "filosofoari" kasu eginez. Ikusgarria egon ginen garagardotegia, garagardo kantitate eta kalitate aldetik. Garagardo pare bat hartu ostean hotelera bueltatu ginen.










Azken egunean ere banatu egin gara, kasu honetan Nekane dendatxoa etab. ikustera eta Unai eta ni berriz Pragako gaztelua berriz ikusteko aitzakiarekin beste garagardo erronda batean murgildu gara. Azpimarratzekoa batez ere gazteluaren inguruan hartu duguna. Lokala txikia eta itxusia zen, zerbitzariak zakarrak benetan, baina edan dugun garagardoak bakarrik bidai osoa konpentsatzen zuen. Egon lasai noizbait Pragara bazoazte apuntaturik dugula lekua. Hala bada eguerdian denok berriro alkartu gara eta trena hartu dugu gure Wroclaw maitera bueltatzeko.
Ikusten duzuten moduan hemen denbora ongi aprobetxatzen gabiltz. Zuek ere ongi izango zaretelakoan agur bero bat Poloniatik!