2009-09-04

Gurasoekin Wroclaw eta Krakovian

Aurreko larunbatean nire gurasoen bisita jaso nuen Polonian. Denera bost egun igaro dituzte hemen, horietatik hiru Krakovia ezagutzeko erabili ditugularik. Niretzat ere Krakoviara eginiko lehen bisita izan da, aurretik joan gabe bainintzen. Argi dago Krakovia hiri ederra dela, eta eraikinak ikustea besterik ez dago duen balio historikoaz ohartzeko. Hala eta guztiz ere esan beharra dut dezepzio puntu bat sentitu dudala, beharbada jende guztiak oso ongi hitzegina zidalako. Gauza da gure hiria, Wroclaw, oso ongi dagoela ere bai eta zenbait puntutan Krakoviaren aurretik kokatzen da nire ustetan. Baina beno, Krakovian denbora gehiago igaro beharko nuke bien arteko konparaketa objektiboago bat gauzatu ahal izateko.

Krakoviatik azpimarratu nola ez bere zentru historikoa, bere plaza nagusiarekin (Poloniako plazarik handiena) eta parke eder batez inguraturik aurkitzen dena. Bere kale bazterretan eraikin zahar eta interesgarriak ibili edonon topa daitezke. Ondoan Krakoviako gaztelua aurkitzen da, ibaiari oldarkor begiratuz. Gure hiru egunak (beno, tren bidaiak kontutan harturik bi egun lirateke) inguru hauetan zehar paseatzen pasa dugu, ahaztu gabe Gatz Meategira eginiko bisita. Agirrek iada gomendatua zion lekua nire aitari eta arrazoia eman beharrean naiz, benetan ikusgarriak baitira. Meategi hauek duela urte gutxirarte ehundaka urtetan zehar ustiatuak izan dira, lurrazpian ehundaka kilometro leize sortaraziz. Gauza askoren artean barnean eliz barrutia edo hil-kapera erraldoi bat aurkitzen da. Hau ikustean ozta-ozta sinesten da begien aurrean agertzen dena.

Ostegunean bueltan joan ziren (gustura espero dut) eta gu hementxen geratu gara, udazkeneko lehen haize hotzak sofritzen. Gainera atzo erresidentzia ordaintzera joan ginenean irailaren 25ean ospa egin beharra dugula esan ziguten. Hortaz hiru aste ditugu azken hilabeterako aterperen bat bilatzeko. Ea zorterik dugun...

Agur bero bat eta ahal den heinean goza ezazue estropada eta euskal jaietaz. Zorte on ikasleei!!!














No hay comentarios: